«DANTZAREN ETORKIZUNA TOPAKETA» (3. pilula + izen-emateak)

, , , , ,

«DANTZAREN ETORKIZUNA TOPAKETA» (3. pilula + izen-emateak)

ETORKIZUNEKO DANTZA. DANTZAREN ETORKIZUNA…?
Dantzaren sektorearentzako topaketa. Abenduaren 9a. Barakaldo Antzokia. (Goizeko ordutegia)

 

DANTZATIK BIZI
dantzaren lanbideari buruzko hausnarketa, haren inguruko ekonomia- eta bizi-dimentsioak oinarri hartuta

Jemima Cano-ren testua

Ez da erraza biztanleriaren sektore baten errealitate profesionala aztertzea: pertsona adina errealitate eta garai adina ikuspegi daude. Hala ere, fokua zabaldu eta kasu partikularretatik urruntzen bagara, argi ikusten da dantzaren munduan beste edozein alorretan ohikoak diren eta denoi eragiten dizkiguten arazoak, zailtasunak eta egoerak daudela, eta merezi duela horiek denak aztertzea, errealitatea aldatuz hura hobetu nahi bada, edo eginkizun ohoragarri hori erdietsi gabe bada ere dantzarena bezalako sektore baten arrangurak eta ahultasunak ulertu nahi badira behintzat.

Zer esan nahi du “honetatik edo hartatik bizitzeak”? Bada, “hilabete amaierara iristea” esaten diogun horretarako adina diru-sarrerak sortzea, ezta? Zerbaitetik bizitzeak sektore ekonomiko jakin bateko kide izatea ere esan nahi du, klase sozial jakin batekoa izatea (prestigioaren, ezagutzaren, heziketaren eta ohituren araberako estratifikazio soziala bezala ulertuta hura), eta “batzuekin eta besteekin erlazionatzea” edota “bizi-estilo” jakin bat izatea.

Eta beharbada “bizi-estilo” hori da, hain zuzen, kanpotik ikusita bederen, hainbeste nahaste eta gaizkiulertu eragiten duena. Izan ere, dantzako profesional guztiak era jakin batekoak direla eta antzeko bizimodua dutela dioen aldez aurretiko ideia hori da dantzako (eta artearen beste alor batzuetako) hainbat eta hainbat profesionalek sarritan entzun behar izaten dituzten honako hauen moduko esaldien azpian dagoena: “zuk behintzat gustuko lanean jarduten duzu”, “zure bokazioa bada ez da hain gogorra izango”, edota are honelakoak ere: “lankidetza hau eskaintzen dizut ikusgarritasuna ematearren”.

Artikulu honek 2025eko Euskadiko dantzako profesionalek ―emakumezkoek zein gizonezkoek, eta hurrenkera horretan― bizi dituzten baldintzetara hurbildu nahi du, haien arteko desberdintasunen atzean dauden arrazoien inguruan hausnartzeko. Izan ere, gauza bat argi dago: dantzari guztiak ez dira berdin bizi, baina ez dago inor luzaroan “ondo” bizi denik.

Azter dezagun orain dantzatik “bizitzearen” kontu hori. Gaur egun, Euskadiko dantza-munduko profesional gehienek goi-mailako prestakuntza dute dantzan, eta horien % 70ek baino gehiagok modu pribatuan jasoa du prestakuntza hori. Ezin da ahaztu Dantzerti goi-mailako eskolatik hiru labekada “lizentziadun” besterik ez direla atera oraingoz. Horrek erakusten digu, lehenik eta behin, pertsona bat ez dela goizean jaiki eta dantzari bilakatzen, baizik eta urteetan jardun behar duela bere burua prestatzen eta dirua inbertitzen horretara iristeko.

Horrek oinarrizko egoera ekonomikoa, hots, jatorri sozioekonomikoa, aztertzera garamatza. Karol Jan Borowieckik Estatu Batuetan egindako ikerketa batek dioen bezala: familia-errenta zenbat eta handiagoa izan, orduan eta aukera gehiago artista izatera iristeko. Erresuma Batuan 2022an egindako ikerketa baten arabera, artista profesionalen % 8 baino ez datoz “langile” familietatik.

Bada, halaxe da: zure familia goi-klasekoa bada, “dantzatik bizitzeko” zure aukerak handiagoak dira. Hemen zehaztu beharra dago, azterketa honi dagokionez, goi-klaseko familiak diru-sarrera handiak dituzten familiak direla, kulturaren nolabaiteko ikuspegi partekatua dutenak eta, askotan, seme-alabak kanpoan ikastera bidali ahal dituztenak (eta “kanpoan” esaten dugunean, atzerrian zein, zenbait belaunaldiren kasuan behintzat, estatuko kontserbatorioetan esan nahi dugu).

Baina harago ere badoa kontua. Izan ere, familia horiek seme-alaben ekonomia mantendu edo lagundu ahal izaten dute haien helduaroan, dela oinordetzan emandako etxebizitzekin, dela haien hilabeteko diru-sarrerak osatzeko egindako ekarpen ekonomikoekin.

Beste kasu bat, diru-sarrera ezegonkorrak eta txikiak izateagatik beren familia-unitateen euskarri nagusi ez diren pertsonenak dira. Pertsona horiek diru-sarrera egonkorrak eta/edo handiagoak dituzten bikotekideak dituzte, eta, hori dela eta, “dantzatik bizitzea” aukera bat izan daiteke haientzat.

Artikulu honetan ez ditugu pertsona zehatzak izendatu nahi, izen-abizen eta guzti, baina horrelako kasuak ugariak dira konpainia profesionalen artean, bai Euskadin, bai Euskaditik kanpo. Are gehiago, orain dela aste batzuk, Baezako (Jaén) jaialdi batean, programatzaileak aipatu zuen lurralde hartako dantzari bikainenen ehuneko handia versus biztanleria urria olioaren salmentak sortutako diru-sarreren ondorio zela, horrek familia batzuek beren seme-alaben atzerriko prestakuntza-ikastaroa eta egonaldia ordaintzea ahalbidetu zuelako; eta hori oso datu aipagarria da dantzak kultur programazioan, heziketan edo dibulgazioan apenas tokirik duen lurralde batean.

Asko hitz egin daiteke, halaber, diru-sarrera handiko ingurune batetik etortzeak esan nahi duenaz, profesionala “berea eskatzera”, kostuak kontrolatzera eta errentagarritasunaren arabera jokatzera bultzatzen duen bokazio enpresarial bat izateak berekin dakarrenaz. Horren aldean badira, baina, enplegu egonkorra lortzeari eta “patroia/bezeroa/erakundea” errespetuz tratatzeari lehentasuna ematen dioten beste ingurune batzuk ere. Izan ere, familia-heziketa eta lanaren filosofia desberdinak dira batzuetan eta besteetan.

Familia xumekoa izan eta profesionalki aurrera eta sozialki gora egiteko aukera egon badagoela suposatzen da, baina dantzaren sektorean hori bakarrik gerta daiteke “irteera-puntuko” klaseak postu instituzional batean lan egitea baldin badu helburu (hau da, programatzaile, kuradore, konpainia nazionaleko zuzendari, goi-mailako zentro bateko irakasle izan nahi badu). Estatus jakin bat, egonkortasuna eta diru-sarreren maila altua konbinatu daitezkeen kasu horietan soilik hitz egin genezake gizarte-mailan gora egiteaz.

Eta “igoera” horretan, bada funtsezkoa den pieza bat: egonkortasuna.

Euskadiko dantza-sektorean zenbait badira egitura “enpresarial” baten babespean jarduteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso duten konpainiak. Bi urtean behingo laguntza hori indarrean sartu zenetik, hamar baino gutxiago izango dira. Dena dela, Kukai taldea alde batera utzita, beste konpainia edo egituretan, lantaldearen lanaldi osoko soldatek ez dute kasu batean ere lanbide arteko gutxieneko soldata gainditzen ekoizpen/sorkuntza alditik kanpo. Eta soldata horiek badaudenean eta langileek “dantzatik bizitzeko” adinako soldata jasotzen dutenean, soldata hori aldizkako laguntzen eta arrakasta handiagoa edo txikiagoa duten proiektuen mende egoten da, hau da, iraungitze-data duen soldata da.

“Konpainiaren eta sortzailearen jatorriak eragina izan dezake finantziazio- eta banaketa-aukeretan.
Londres ez da Murtzia
”.

Hofesh Schechter “Political mother” Walker art.

“Bi urtez behingo laguntza” horri emanaldian edo erakustaldian bizi den errealitatea gehitzen badiogu, are desorekatuagoa da oraindik errealitate hori. “Zorte oneko bolada” dei geniezaioke denboraldi batean garaiz iragarri edo jakinarazitako emanaldi-kopuru handi bat izateari. Itundutako zirkuituan sartuz gero bakarrik gertatzen da hori, A Cielo Abierto sarean edota Dantza Eszenara edo Platea programetan aritzeko deitua izanez gero. Hala ere, ez da hori ohikoena. ADDEko bazkideetatik, askok 2 eta 6 bitarte emanaldi izaten dituzte urtean. Emanaldi baten batez besteko prezioa 3.000 euro + BEZa (batez besteko aritmetikoa) bada, eta interpretatzaile edota koreografo bakoitzeko batez besteko soldata 300 euro garbikoa, horrek esan nahi du bazkide gehienek 600 eta 1.800 euro bitarte jasotzen dituztela urtean beren konpainiarekin/proiektuarekin biran aritzeagatik. Nola uztartzen da hori Artistaren Estatutuak lortutakoarekin? Nola konpontzen da euskal konpainien erakustaldiek ematen dituzten diru-sarreren batez bestekoaren eta ezarritako neurri zuzentzaileen artean dagoen aldea, neurri horiek oraindik ere errealitate horretatik urrun daudela kontuan hartua?

“Bira gehiago egitea” lortzeko modua promozioa eta banaketa indartzea izan daiteke, programazioaren buru diren pertsonen eta dantza-sortzaileen arteko topaketak sustatzea. Baita elkar ezagutza eta ulermena bultzatzea, jakin-mina pitzaraztea eta zubiak eraikitzea ere, programazioetako aniztasuna areagotzen laguntzearren, edota dantzaren presentzia sustatzearen aldeko apustu instituzionala bultzatzearren.

Izan ere, konpainia batzuek, batez beste, 20 emanaldi izaten dituzte urtean (hau da, 6.000 euro garbiko irabaziak urtean), edo 30 funtzioko urteak eta 10 funtziokoak izan ditzakete, baina salbuespenak dira urtean 70 emanaldi eskaintzen dituztenak (21.000 euro urtean). Hau da, erakustaldi kopuruari erreparatuz gero, salbuespen bakan horietan baino ez litzateke lortuko lanbide arteko gutxieneko soldata interpreteentzat.

Hala ere, konpainiak ez dira dantzatik bakarrik bizi. Horregatik kritikatzen da hainbeste “gain-ekoizpen” deritzon hori; izan ere, sortzeak baliabideak ekartzen ditu.

Izan ere, dantzako profesional baten diru-sarreren errealitate ekonomikoa behar bezala kalkulatzeko, beste hiru arlo profesional hartu behar dira kontuan:
-lan berria sortzea/ekoiztea, norberarena izan edo besterena izan
-prestakuntza
-dantzaren inguruko programen bitartekaritza- edo kudeaketa-lanak

Azter dezagun orain, labur-labur, horren atzean dauden zenbakiak. Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako hogei ikuskizun baino gehiago ekoizten dira urtean (horietaz gain, badira diru-laguntzarik ez duten piezak edo beste programa batzuetan sortutakoak). Ekoizpen horietan, sortzaileek 2.500 eta 5.000 euro bitarte jasotzen dituzte garbi (diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako aurrekontuen arabera, azken justifikazioak dokumentu ez-publikoak dira).

Eusko Jaurlaritzaren laguntzez gain, badira beste erakunde batzuenak ere (Gipuzkoako Foru Aldundia, Getxoko Udala, Bilbao Eszena, Gasteizko Antzoki Sarearen koprodukzioak); gainera, badira sorkuntza eta ikerketa prozesuak bultzatzeko egonaldi-bekak ere (Legamia Errenterian, Juana Bizkarra Getxon).

Azterketa txiki honek bi gauza adierazten ditu: laguntza eskualde jakin batzuetan pilatzen dela (ez da gauza bera Balmasedan edo Tolosan sortzea, edo Algortan edo Errenterian sortzea); eta askotan laguntza bati beste bat gehitzen zaiola, hau da, urte batzuetan babes handia jasotzen dela eta beste batzuetan batere ez.

Hau da, sorkuntzarako laguntza-deialdietan aukeratutako proiektuen artean, Eusko Jaurlaritzaren ekoizpen-laguntzak ere jaso dituzten proiektuak izaten dira askotan. Arrazoia sinplea da: laguntzek ez dute inoiz proiektu baten % 100 estaltzen, eta askotariko finantzaketa eskuratuz gero errazagoa da proiektua osorik burutzea eta denboran irautea.

Geldi gaitezen orain pixka bat lurraldetasunaren kontu hau aztertzen. Dantza diziplina artistiko bat da, babes publikoa duena eta Konstituzioan bertan jasota dagoena (1985eko 14. eta 16. artikuluak). Baina sorkuntzarako, sustapenerako eta dibulgaziorako laguntza aplikatzeko modua aldatu egiten da tokiko edo eskualdeko erakundeen arabera, baita erakunde jakin baten buru diren pertsonen arabera ere. Azken urteotan, Gipuzkoak dantzaren aldeko apustu garbia egin du. Dantzagunea sortzeko, mantentzeko eta handitzeko lanari, sektorean funtsezkoak diren eragileak gehitu behar zaizkio, hala nola dantza garatzeko Dantzaz Elkartea, Agustinak Zentroa ─Oarsoaldeko kultur sektorea profesionalizatzearen aldeko apustu garbia─, Malandain Biarritz Balletarekiko mugaz gaindiko lankidetza eta abar. Euskadiko beste lurraldeetako errealitatea oso bestelakoa da.

Diru-sarren kontuari amaiera emateko, ohartxo bat bitartekotzari eta haren errealitate ekonomikoari buruz. 2025ean, Kultur Eskubideen Plana onartu zen, besteak beste honako helburu hauek lehenetsiz: herritarrek kultur bizitzan parte hartzea sustatzea eta oztopo sozioekonomikoak, lurraldekoak (landa-eremuari begira), genero-arlokoak edo desgaitasunaren arlokoak murriztea. Plan horrek finantza- eta kudeaketa-dimentsioa irabazten badu Kultur Ministerioaren barruan, nolabaiteko gorakada aurreikusten da bitartekaritza eta sentsibilizazioa modu erregularrean lantzen duten konpainien diru-sarreretan. Eta hori bai izan daitekeela lagungarria “dantzatik bizitzeko” helburua izan eta diru-laguntzetan edo erakustaldi hutsetan hainbeste sinesten ez dutenentzat, baldin eta plana maila desberdinetako euskal instituzioetan barneratzen bada.

Mercartes: Ikuskizun bat banatzea lortzea merkatuaren menpe dago, baina baita harremanen menpe ere
modu positiboan, konfiantzagatik, edo modu negatiboan, klientelismoagatik.

@gerardosanz Faeteda-ko webgunetik

Azter dezagun, orain, beste ardatz nagusi bat: merkatua. Balirudike dantza arte mota suntsikor, hauskor, poetiko hori dela, kapitalismotik, joeretatik, algoritmoetatik eta produktuak sortu, erakutsi, zukutu eta iraungiarazteko erritmo frenetikotik at bizi dena, baina ez da horrela.

Koreografo (gizonezko) batzuengandik kalkatutako estetika bat, poetika bat, teknika bat, are koreografia bat ere, merkatuan nagusitzen denean, haiek baliatzen dituzten konpainiek edo sortzaileek programatuak izateko aukera gehiago izango dituzte.

Ez da gure zeregina sortutako ikuskizun bakoitzak % 100 berria izan behar duen edo ez epaitzea, baina ez dago ukatzerik, jaialdi jakin batzuei erreparatuz gero behintzat (batez ere, kalean programatzen dutenei eta batera antolatzen direnei), nolabaiteko homogeneizazio bat sumatzen dela proposamenen artean (berna erdirainoko kolore lauko galtzerdiak, israeldar inspirazioko mugimenduak, fluor-estetikak edo queer-asmokoak eta abar).

Hau da, errazagoa izango da “dantzatik bizitzea” (gutxienez uda batez) baldin eta sortutako ikuskizunak merkatuak “babesten” duen horrekin bat datozen joera jakin batzuei jarraitzen badie. Bai, dantza ere produktu bat da, eta produktu batzuek tira handia dute, eta beste batzuek ez.

Ez dugu esan nahi ez dagoenik merkatu-logika horiek aldatzeko gai ez den ikuskizunik, hain onak izanda eta hain ondo eginak egonda, baina kasu horietan ere merkaturako sarbidea ez da berehalakoa, eta “leku eta une egokian egotea” gero eta zailagoa da.

Izan ere, merkatua ez da soilik “produktuetan” zentratzen, harremanetan baizik. Ezin dugu ahaztu, ikuskizun bat banatzeko, marketin tradizionalenaren tresnetako asko behar direla: kontaketa, kanala, prestigioa, bezero-zorroa, legitimitatea eta abar. Eta harreman horietan, kontaktuak, afektua, boterea eta sedukzioa eta gisako gaiak sartzen dira jokoan. Hala, hor agertzen zaigu berriro klasearen eta jatorriaren eragina, baina baita kontu sotilagoena ere, hala nola sortzaile gizonezko bati emakumezko bati baino zilegitasun handiagoa ematearena, queertasunaren eta homosexualitate zuriaren arteko asoziazioa, edota betiko estereotipoak (banatzailea emakume gazte eta erakargarria izatea… adibiderik erabiliena jartzearren).

Harreman-joko hori zentzu onean erabil daiteke, konfiantzazko sare bat sortuz dantza-sortzaileengan uste osoa duten eta haiekin bat egiten duten pertsonekin edo erakundeekin, edo mesede-trukean eta klientelismoan oinarritutako sistema bat bilaka daiteke bestela. Hori guztia ohikoa da gaur egungo negozioetan eta gizartean, eta, beraz, orobat zeharkatzen du dantzaren errealitatea ere.

Talentuak garrantzia du, mundu guztiak programatu nahi dituen piezak daudelako
baina talentuak ikusgarritasuna, baliabideak eta bozgorailuak behar ditu oraindik.

@martialbesa-ren argazkia ACieloAbierto-rentzat. Álvaro Murillo -8Km en mula.

Eta jakina, talentua ere hor dago, hori ezin da ahaztu. Grazia, asmamena eta maisutasuna, proposamen artistiko bat bikaintasunera eramaten duen zerbait hori da talentua, azaldu ezina den hori. Bikaina izanik, besteen gainetik nabarmentzen dena eta mundu guztiak programatu, ikusi, komentatu edo, areago, plagiatu nahi izaten duena. Artista izateak talentua izatea eskatzen baitu. Eta talentu hori gauza labainkorra da, entsegu-ordu asko sartu eta behin eta berriz landu arren, modu automatikoan eta esponentzialki handitzen ez dena. Dena dela, argi dago gauzatu gabe utzitako ideia onez beterik daudela tiraderak. Talentua, euskal dantzaren eszenan, askotarikoa da, emankorra eta partekatua. Azken urteotan, asko ugaltzen ari dira trukerako, praktikarako eta esperimentaziorako espazioak. Hor ditugu, adibidez, Bobo edo Mutis espazioak, pare bat baino ez aipatzearren; baina talentu horrek ikusgarritasuna, baliabideak eta bozgorailuak beharko ditu, orain eta beti.

Prekarietateari aurre egiteko, baliabideak behar dira (eta batez ere kontratazioa sustatzea, besteak beste), baina baita justizia ere, hau da, lanaren berdintasunezko banaketa bat eta bizi garen sektorearen eta gizartearen desbiderapenak ─dantzaren sektoreari eragiten diotenak─ zuzentzeko neurriak.

Hori gertatzeko, ekintza kolektiboa behar da (ADDE elkarteak berak edo antzeko batek gida lezake hori), baina baita ekintza instituzionala, toki-administrazioena, foru-aldundiena eta gobernuarena ere; eta, oroz gain, ekintza indibiduala.

Hala esaten dute sindikatuek eta hala esate du logikak ere: arazoa ez dago beti kanpoan eta soilik kanpoan. Afiliazioa, elkartasuna, presio publikoa eta etengabeko prestakuntza konbinatuz soilik egingo dugu gure esku dagoen guztia prekarietate hau desagerrarazteko.

Jemima Cano

TOPAKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK

Dantzaren ekosistemarekin zerikusia duen edo horretan inplikatuta dagoen pertsona orori zuzendutako topaketa. Artistak, erakundeak, kultur eragileak. Formulario honetan eman dezakezue izena:

ADDEko sortzaileen batzordeak sustatutako topaketa, Gipuzkoako Dantzagunearen, SAREAren, Barakaldo Antzokiaren, Dantzalabearen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesarekin eta laguntzarekin.

“DANTZAREN ETORKIZUNA TOPAKETA” (1. pilula)

“DANTZAREN ETORKIZUNA TOPAKETA” (2. pilula)