Dantzan Bilaka 2022 – BIGARREN LAN-ASTEA AZALA KREAZIO ESPAZIOAN

Dantzan Bilaka 2022 – BIGARREN LAN-ASTEA AZALA KREAZIO ESPAZIOAN

Azala Dantzan Bilakaren kolaboratzaile gunea da, programa osatzen duten egoitzen bigarren aldiaren funtsezko ardatz gisa finkatu da. Izan ere, dituen ezaugarriak, ekosistema egokia sortzen dute prozesu artistikoen une hori garatzeko.

Tabakaleran 2022ko otsailean egindako lehen lan-astearen ondoren, bigarren lan-astera igarotzeko unea da.
2022ko ekainaren 13tik 19ra, Azalak koreografia sorkuntzako tailer bat, laguntza artistikoak eta entsegu eta trukerako guneak hartuko ditu programako zazpi proiektu bekadunentzat.

Bigarren lan-aldi honetan, tailerra parte-hartzaileentzat bakarrik izango da, eta, beraz, ez dugu plazarik irekiko jendearentzat. Hala ere, jardueren berri ematen jarraitu nahi dugu, programa honetan lagun gaitzazuen.

2. Tailerra BD2022

Materia xarmatzeko praktikak + Abesbatza bati buruzko ikerketa. Elisabete Finger

NOIZ:
Ekainak 13, 14, 15, 16.
Azala Espazioa.

Lantegi hau bestelako logika batzuetan barrena egindako bidaia bat da. Gauzez bestaldean zehar, materiaz bestaldean zehar, egindako bidaldi bat. Ni, bestalde horretan, galdu egiten naiz, baina gauza eta materia bihurtuta aurkitzen dut neure burua. Lur bigun, ezegonkor, aldakor eta zuloz beteriko batean zehar egindako bidaldi bat da, non sentipen zehatzak ehuntzeko eta beste zentzumen batzuk sortzeko aukera eskaintzen zaigun. Materia xarmatzeko praktikak egingo ditugu, eta hartan oinarritutako dramaturgiak. Xarmadurak, gozamenaren eta nahasmenaren arteko konbinazio bitxi hori harturik xarmaduratzat. Ez hain arrazionalak eta sentsorialagoak diren logiken bilaketa bat da lantegia.

Ariketa pertsonalen bilduma bat da, urterik urte munduko hainbat tokitan bildutako ariketen, ekintzen eta esperientzien errepertorio bat. Ni lantzen ibili naizen printzipio koreografiko, ekintza eta estrategia batzuk ere eskainiko ditut lantegian. “Gorputza-materia” deitu dudanaren inguruan egindako azterketa praktikoak eta teorikoak bildu ditut bertan. Gorputza, hor, bere materialtasuna bera dela: haragia, hezurrak, urinak, azala, ilea, zuloak. Propietate material jakin batzuk ditu (pisua, bolumena, testura, usaina, tenperatura, kolorea), eta beste material batzuekin topo (edo talka) eginez aurkitzen du bere tokia munduan. Gorputz erotiko bat da, bururik
gabea (George Batailleren hitzetan esateko), inguruan duen guztiarekin erlazionatzen dena, hurbiltasunaren bidez, ukimenaren bidez, zeharkatzeko ekintzaren bidez.

Eta gorputz hori mundu material batean ─gauzek beren objektu-izaera gainditzeko gaitasun bitxia duten mundu batean─ bizitzeko abentura ere bai.

Bestalde, abesbatza batentzat egin berri dudan ikerketa ere ekarri dut Dantzan Bilakako lantegi honetara: soinuak, gorputzak, materialak, keinuak… Gauzekin eta besterekin konposatzea: atsotitz sinesgaitzak, mantra hipnotikoak, kontsigna hipotetikoak, bat-bateko doinu soinubakarrak. Garrantzitsua da zer abesten dugun, eta garrantzitsua da geuk abestea. Garrantzitsua da zer mugitzen dugun, eta garrantzitsua da geu mugitzea.

Biografía
Elisabete Finger (1980) antzezle eta koreografo brasildar bat da.
Politika-zientzietako eta zuzenbideko ikasketak egin zituen lehenik, Brasilen, eta dantza eta koreografiakoak gero, hainbat tokitan eta eskolatan: Essais Programa (Centre National de Danse Contemporaine, Angers, Frantzia), MA SODA (Maisutza Programa – Bakarlari/Dantza/Autoretza, UdK / HZT, Berlin – Alemania). Fingerren piezek materiaren xarmadura eta erotismoa bilatzea dute helburu, gozamenaren eta nahasmenaren arteko mugak aztertzen dituzten egoerak sortuz.
Hainbat formatutan aurkeztu izan du bere lana: dantza-emankizunak, antzezpenak, bisualeko ikuskizunak. Nazioarteko hainbat arte erakunderen laguntza jaso du: Itaú Cultural; Festival Panorama; FUNARTE; Kultura Ministerioa; Sesc (BR); Institutu Frantsesa; Le CND (FR); Goethe-Institutua; PACT Zollverein; Fabrik Potsdam; Uferstudios (DE); Weld eta Moderna Museet (SE), besteak beste. Gaur egun, Berlinen bizi da, eta HZT/UdK unibertsitateko artista elkartua da, Martin Roth-Initiative bekari esker. Sormenezko lankidetza aktiboak egiten ditu han eta hemen, mundu osoan. INFO gehiago hemen: www.elisabetefinger.com