Euskal Herriko Dantza Lanen Katalogoa 2025

,

ADDEk Euskal Herriko Dantza Lanen Katalogoaren edizio berri bat abiarazi du

Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak (ADDE) Euskal Herriko Dantza Lanen Katalogoaren edizio berria aurkeztu du. Tresna kontsolidatua, konpainien lana ikusaraztea eta hainbat testuingurutan zabaltzea helburu duena.

Katalogoaren helburu nagusia sektorearen proiekzioa bultzatzea da, lankidetzarako aukera berriak sortuz eta obrak publiko zabalagoetara iristen lagunduz. Edizio honetan 41 dantza-konpainia eta -lan biltzen dira, iraupenaren, erakustokiaren eta kategoriaren arabera sailkatuta. Informazio guztia hiru hizkuntzatan dago eskuragarri (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), modu horretan, gure mugetatik haratago kontsulta eta zabalkundea errazten da.

ADDEk bultzatutako dantza-lanen katalogoak lurraldeko konpainia eta kolektibo/sortzaileen lan profesionalaren begirada zabala eskaintzen du, finkatutako konpainiak zein kolektibo eta sortzaile independenteak barne, eta Euskal Herritik kanpo ikusarazten laguntzen du, bai estatu mailan, bai nazioartean.

2025. urterako aurreikusitako ekintzen artean, Edinburgoko Fringera joatea nabarmentzen dugu, mundu mailako arte eszenikoen jaialdi garrantzitsuenetako bat. Bertan, gure lurraldeko ekosistema sortzailearen ordezkari gisa joango diren bi dantza konpainia izango ditugu programazioan.

Berrikuntza gisa, aurten katalogoa Basque ekosisteman txertatuko da, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatutako plataforman, euskal kultura eta sorkuntza garaikidea kanpoan proiektatzeko eta nazioartekotzeko.

Basque. aterki marka gisa jarduten du, eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo erakunde, entitate eta elkarte profesionalek — ADDEk, esaterako — garatutako sustapen eta hedapen ekintzak biltzen ditu. Gainera, marka-arkitektura koherentea eta unibertso bisual partekatua eskaintzen ditu ekosistema osatzen duten kultura-sektoreentzat (arte eszenikoak, zinema eta ikus-entzunezkoa, literatura, musika eta artea), komunikazio- eta sustapen-euskarri guztietan aplika daitekeena (standak, katalogoak, sektore-webguneak, liburuxkak, etab.).